AURKEZPENA
Elizbarrutiko ondareari dagozkion artelanen bilduma, izatez, erlijio-gaiez eta objektu liturgikoz dago osatua. Hiru ataletan sailka genezake: eskultura (hau da zabalena), pintura eta urregintza.
Artelan hauek, izan, Donostiako Elizbarrutiko eliza, komentu eta ermitenak dira, jatorrizkoberen lekuetan daude eta orrialde honetan katalogo gisa aurkezten ditugu.
Pieza gehienak zur polikromatuzko eskulturaren atalean kokatzen dira. Material honek bi arerio nagusi ditu Euskal Herrian: hezetasuna eta intsektu xilofagoak (zura jaten dutenak). Hauetariko artelan askok eta askok kontserbazio-arazo larriak dauzkate aipaturiko bi faktore horien eraginez, eta horregatik, zaharberritze-, kontserbazio- eta desinfekzio-tratamenduak jasan behar izan dituzte, bai hondatze-prozesua geldiarazteko, bai oraindik «sano» daudenak mantentzeko.
Gure elizbarrutiko ondarea osatzen duen arte erlijiosoaren ibilbide laburrari ekin aurretik, alderdi deigarri bat azpimarratu nahi genuke: pieza hauetako gehienen izaera herrikoia, salbuespenak salbuespen. Artelanik esanguratsuenak eta kalitate handienekoak «in situ» mantentzen dira, eta poliki-poliki horien kontserbazio-lanetan dihardugu, ahal dela beren jatorrizko lekuan iraun dezaten, baldin eta segurtasun ezagatik arriskuan aurkitzen ez badira.
Beraz, Elizbarruti honetako eliza eta monumentuak bisitatzeko gonbidapena luzatu nahi dizugu, gure ondare historiko-artistikoa ezagutu ahal izateko. Zalantza handirik gabe, ezusteko aurkikuntza bat baino gehiago egin ahal izango duzu.
ERDI AROA
Gipuzkoan ez dira asko XIII. mendeaz aurretiko eraikuntza edota objektuak gureganaino iritsi direnak; eta halaber oso gutxi dira erromaniko-garaiko aztarnak dituztenak. Halere, eskulturaz ari garelarik, estetikaz Erdi Aroko ukitua duen zenbait aztarna XIII. eta XIV. mendeetan zehar ere aurki genezake, nahiz eta aldi hori gotiko bezala ezagutu ohi dugun. Herrikoi izaera duten eskulturak dira, eta askotan landu gabeak eta xalotasun-puntu bat erakusten dutenak. Halakoxe erromaniko-airea mantentzen dute, bai neurrien egokitasunari dagokionez, bai irudien zurruntasun eta frontalismoagatik, baita formei dagokien gogortasunagatik ere. Alabaina, garbi ageri da estilo gotikorako joera zenbait trazutan, joera hau apurka bada ere aurrera joaten delarik XIII. eta XIV. mendeetako gipuzkoar irudigintzan; hori nabari da, batez ere, irudiak luzatzean eta oihalen trataeran, gorputzik gabekoak diruditen irudiak egiteraino. Estilo bien arteko berant aldiko trantsizioa da; bat egiten dute herrikoi-izaera nabarmena erakusten duten lekuko lantegiek eta erromanikotik eratorria den tradizio estetikoari eutsi nahiak.
Aurrera goazelarik XIV. mendean barna eta bereziki XV. mendean zehar, gure eskulturagintzak gotikoaren esanahi osoa bereganatzen du. Neurriak luzatu egiten dira eta oraindik hastapenetan den naturalismo-joeraz kutsatzen dira eskultoreak. Hala bada, bai oihalen tratamendua bai irudien jarrerak eta keinuak gero eta naturalagoak eta gizatiarragoak bilakatzen dira.
Gotikoaren estetikak hurrengo mendearen lehenengo laurdena arte irauten du. Garrantzi handia hartzen du bi mendeon arteko trantsizio-garai honetan flandestar eraginak; errealismoa da aldi honetako kreazio-lanen ezaugarria eta, aldi berean, oihalak angelutan tolestatzeko era, oihala zurruna izanik zatikatu egingo balitz bezala. Van Eyck flandestarraren pintura-lanek Europako zati handi batean izandako eraginaren ondorioa da ezaugarri hau.
XVI. MENDEA ETA BERPIZKUNDEA
Hauxe da, zalantzarik gabe, euskal eskulturaren urrezko mendea. Gizakia bilakatzen da kreazioaren erdigune eta honen baitako obrarik osoena. Greko-erromatar klasikoek edertasunari buruz zuten idealaren bila abiatzen dira, artelanaren eredutzat hartzeko, nahiz eta gero irudi horiek berrinterpretatzera jotzen duten. Humanismoa hedatu egiten da Europan zehar, baita zientzia, literatura, artearen kritika eta erlijio-eraberritzearen mugimenduak ere.
Garapen honek XVI. mendeko bigarren laurdenean izan zuen hasiera; hortik apaingarrien ugaritasuna, irudiari mugimendua eman nahia eta oihalgintzaren borobiltze-tolesturak ezaugarri dituen estilo platereskoa sortu zen. Oñati bilakatu zen Berpizkundea bereganatzen zuen erdigunea. Han bateratuak ikusten ditugu, alde batetik, gaztelar eragina (Bidaurreta monasterioko elizako erretaula, San Migel elizako Pietate-kapera edota Unibertsitateko kapera); eta, bestetik, Oñatiko Unibertsitatearen fatxada ederra egin zuen Pierre Picart frantsesaren eragina, eta Rodrigo Mercado de Zuazola Gotzainaren hilobia (San Migel eliza) seguru asko egin zuen Diego de Siloeren eragina.
Mende honetako pertsonarik ospetsuena, ez bakarrik artegintzaren kalitate aldetik, baita bere lanak izandako hedaduragatik ere, Joan Antxieta dugu. Berak erakarri zuen Euskal Herrira Migel Anjelen joera duen manierismoa deritzan estiloa. Honengandik ikasi zuen gorputz-irudi guztiz bulartsuak eta keinu tenkatu eta kontrolatua dutenekiko gustua. Gaztela aldean lan egin zuen bereziki, eta han ere Joan de Juni beste manierista handi baten eragina bereganatu zuen. Antxietaren artelan aipagarrienen artean Zumaiako San Pedro elizako erretaula daukagu.
Hainbat ikasle eta jarraitzaile izan zuenez, Antxietaren estiloaren eragina XVII. mendean barna luzatzen da, nahiz eta inork gutxik lortu izan maisuak bezainbateko kalitatea. Ikasle hauetan ospetsuenak Jeronimo Larrea, Joan Iriarte, Domingo Mendiaraz eta Anbrosio Bengoetxea izan ziren.
XVII. ETA XVIII. MENDEETAKO BARROKOA
Une honetan indartsuago nabari den Trentoko Kontzilioak ekarritako erlijio-berriztapenak eragin handia izan zuen arte-alorrean; hori ikus daiteke, alde batetik, artegintzari ezarri zitzaizkion balore berrietan, hala nola, artearen zeregin didaktikoa, jaiera eta erlijiozko bertuteak arnasberritzea, eta, bestetik, kultua kanporatzeak izan zuen hedapenean. Honek guztiak eta lehenengo jesuitak santu aitortu izanak erlijiotasunaren berpiztea ekarri zuten, eta bultzada handia eman zion artegintzako jarduerari XVII. mendean.
Euskal irudigile asko aritu zen lanean, guztiak kalitate hoberenekoak ez izan arren. Ihes egiten zuten estetika barrokoa nagusi zen gaztelar erresumetan hedatua zegoen errealismotik; eta, beraz, alde batera utzi zituzten errealismo horren ezaugarri ziren egiazkotasuna, kanporantza doan mugimendua, irudiei efektu bereziak eta antzerki-jitea eman nahia, horrela irudien espresibitate handiagoa lortu ahal izateko eta, errealismoaren bidez, ikuslearen arreta berenganatzeko; euskal eskultoreek, aldiz, herrikoi izaerako obrak egiten zituzten, naturaltasun eskasekoak eta, aldi berean, hanpurutsuak oihalak tratatzeko moduan.
Erretaula ikusgarriak egin zituzten, protagonismo nagusia arkitektura indartsuari emanez. Joera honek jarraitu egin zuen XVIII. mendeko erretaulagintzan ere; mende hau distira handiko beste aldia izan zen Euskal Herrian. Alabaina, garrantzi handiko obrak egiterakoan, madrildar eskolako eskultoreengana jo zuten sarritan, hala nola Luis Salvador Carmona; horien gain geratzen zen irudigintza, nahiz eta trazatzea, muntatzea eta zizelatzea artegile euskaldunen lana izan kasurik gehienetan, Migel Irazusta esaterako. Artista bion arteko elkarlana Bergarako Santa Marina elizako erretaula bikainetan ikus genezake.
XX. MENDEA: SUSPERRALDIA
Artegintza, oro har, XIX. mende erdiaz geroztik, «arte tradizionala» zeritzanaren eta arau akademikoen aurkako erreakzioak markatua dago. Adierazpen-bide berrien bila abiatzen dira, gizarte industrial eta burgesari zegokion hizkera berri baten bila. Eta tradizio klasikoaren aurkako lehenengo mugimenduak XIX. mende bukaerako Abangoardia Artistikoak dira, inpresionismoa bereziki, Europan sortu eta kokatu ziren mugimenduak. Europara begira jarri ziren Pirinioez honanzko artistak, berritzapeneko iturrien bila.
Eta XX. mendearen hastapenetan, mugimendu abangoardista hauek sortu eta hedatzen doazen heinean, «ismo» mota guztiak gauzatu ziren (kubismoa, fauvismoa, kostruktibismoa, abstrakzionismoa edota surrealismoa, besteak beste). Artegintzaren oinarriak astindu zituen izugarrizko asaldura gertatu zen, ez bakarrik teknikaren aldetik, baita espresio formal, estetiko eta plastikoaren aldetik ere, eta batez ere teoria-mailan. Aztergai bilakatzen da artearen izaeraren kontzeptua bera: edozein gai gertatzen da artistarentzat erabilgarri eta aintzat hartzea merezi duena, baita artea inolako gairik gabe egitea bera ere. Gauza bera gertatzen da material erabilgarriei eskaintzen zaien arretarekin. Honek era guztietako esperimentazio artistikoaren bilakaera ekarri zuen XX. mendean.
Gerra osteko etenaldi kultural eta artistikoaren ondotik, euskal artegintzak gorakada handia izan zuen arlo guztietan, 1950. urtea abiapuntutzat harturik. Hala, Donostia bilakatu zen Euskal Herriko artegintzaren erdigune. Jorje Oteiza izan zen susperraldi honen motorra, «Equipo 57» (1957) deitu taldearen idearioaren eragilea eta geroago, 1966an, «Euskal Eskolaren Manifestua» kaleratu zuena.
Aurrerantzean, euskal arteak joera-aniztasuna izango du ezaugarri, hainbat artegile banakakoren ekintzaren eraginean azalduko den bezala, betiere etengabeko adierazpen pertsonala bilatu nahian. Jarrera bi izango dituzte, funtsean, aipatu joera desberdin hauek: figuratibismoa eta abstrakzioa. Aski desberdina da errepertorio tematikoa ere, hasi paisaia, erretratu, errealismo sozial edota gai erlijiosotik, eta kolore, forma edota bolumena arte. Hori guztia ikuspegi eta helburu jakin batekin egiten da: euskal herritarron bizimolde, espiritu eta sustraietan sakontzeko.
URREGINTZA
Kristau-liturgiak, beste edozein giza ekintzak bezalaxe, hainbat objekturen beharra du, gauzatu ahal izateko. Denborarekin behar berriak azaldu zirelarik, objektu berriak egiten eta lehengoak egokitzen joan ziren beren zeregina ondo bete ahal izateko. Horrela bada, objektu guztion jatorria guztiz funtzionala izan da.
Horrela, era askotako ontziak sortu ziren: ardoa sagaratzeko (kaliza), Ostiak gordetzeko (kopoia), ardoa eta ura edukitzeko (ur-ardo ontziak), intsentsua erretzeko (intsentsu-ontzia) edota intsentsua edukitzeko (nabeta), gurutzea prozesioari hasiera emateko (prozesio-gurutzea), fededunei gure Jauna erakusteko (ostentsorio edo ekisaindua), gaixoei elizakoak edo azken sakramentuak eramateko (biderakoa), eta beste asko, hala nola krisma-ontzia, bakea ematekoa, erliki ontziak, kanpaitxoak, azpilak, pixideak...
Kontuan hartzekoak dira beste bi faktore ere urregintza erlijiosoaren kasuan, biak aldi berean garatzen direnak. Alde batetik, bere eskuetan hartu eta eraldatzen dituen materialak edertzeko gizakiak duen joera, hots, kreazio artistikoa egitekoan izan ohi duen asmo edo jomuga estetikoa. Eta, bestetik, kultua egiteko erabiltzen diren objektu hauek hartzen duten izaera «sakratuak» material nobleak erabiltzea eskatzen duela, beren eginkizuna ondo bete dezaten; gainera, helmuga Jainko Egilea goratzea duten material noble horiek edertasunez lantzera eramaten ditu artegileak, Jainkoaren izaera eta handitasunari dagozkion erakoak izan daitezen. Joera hau zinez XIV. mendeaz geroztik hedatzen da; izan ere, ordu arte oso material arruntak erabiltzen ziren: kobrea, brontzea, letoia, etab. Ez da urrea eta zilarra baino material nobleagorik; baina hain garestiak izanik, bi jokabide erabiltzen dira horien kostua gutxitzeko: bata, hezurdura zurez egin eta metal noble batez estaltzea, eta, bestea, erabili den metal merkeago bat urreztatzea nahiz zilarreztatzea, askotan itxura hutseko balioa duen tresna eginez. Azken jokabide honek XV. mendea izan zuen abiapuntu eta hedatzen joan zen.
Bestetik, artegile-elkarteen ekintzak erregulatzen zituzten araudiak sortzen hasi ziren berehala; puntzoiak erabiltzera eta egindako pieza edo tresnetan beren marka jartzera behartu zituzten urregileak, bakoitzak bere nortasuna eta bizi zen herriaren berri aditzera eman zezan eta, aldi berean, metalaren kalitatea ziurtatzearren. Gaur egun lagungarri bikainak ditugu marka hauek, pieza bakoitzaren jatorria jakiteko.
Horrekin batera, urregintzari dagokionez, aipatzekoa da beste artelan batzuek, esate baterako arkitekturak, pinturak eta eskulturak, izan zuten eragina, eta une bakoitzean nagusi gertatu ziren gustu eta joera estetikoek ere izan zuten eragina. Ikus dezagun, labur-labur, nolako bilakaera izan zuten.
Gotiko-garaian urregileek apaingarri oparoak sartu zituzten beren kreazio-lanetan, jatorri arkitektonikoa zuten osagaiak, adibidez pinakulu eta errezel edo doselak, baita motibo apaingarri gotikoak ere, adibidez kardinak eta erroleoak. Prozesio-gurutzeak oinarrizko bere egitura hartzen du behin betiko. Espainiar urregintzan berebiziko tradizioa izan duen objektu bat sortzen da, ostentsorio edo ekisaindua. Bultzada handia hartu zuen ekisainduak XIV. mendeaz geroztik, Korpus edo Besta Berri jaiarekin eta Eukaristiarekiko jaiera indartzearekin. Era askotako formak hartu izan ditu ekisainduak denboraren joanean.
XVI. mendeko lehen-laurdena arte luzatu zen estilo gotikoa, eta orduan egindako piezak ez dira asko bereizten aurreko mendean egindakoetatik.
Gerora, platereskoaren eragina nabarmentzen da bere apaingarri guztiekin, baina berpizkunde kutsuko apaingarriak dira; XVI. mendean, ordea, Eskorialeko estiloarekin bat eginez, eredu soilagoetara igarotzen da; forma garbiak nagusitzen dira, eta apaingarriak medailoi eta grabatuetara mugatzen.
XVII. mendearen erdi aldera, barroko garaian hain nabaria izan zen apaingarri-ugalketara itzultzen da berriro. Landare-gaiak eta erliebeen bolumenak ugari erabiltzen dira. Handia izan zen, aldi honetan, ekisainduen eskea, eguzki antzirudikoak izanik gehien hedatu zirenak; gure Jauna eguzkia bailitzan argi izpiz inguratua erakusten zen.
XVIII. mendeak frantses eragina zuen rococo estiloa ekarri zuen berekin, eta, beraz, forma bihurgunetsuak, apaingarrien ugaritasuna, eta harri koskorren eta harribitxien erabilpena objektu liturgikoetan. Alabaina, estilo neoklasikoa ezarri zen mendearen erdi aldera, halakoxe soiltasun berri batekin eta greko-erromatar tradizioaren motiboei lehentasuna emanez.
XIX. mendeak, aldiz, iraganeko ereduei bide eman zien, «neo» desberdinak bata bestearen ondotik erabiliz. Hauen artean gotikoa izan zen nabariena, bere lerro xume eta ertz zorrotzagoekin, erromantikoek Erdi Aroarentzat agertu ohi duten gustuari jarraiki. Materialei dagokienean, ez dira ugariak material nobleaz eginiko lanak, nola eta neurri apaleko bitxiak ez diren. Askotan metal merkeagoak erabiltzen dira urreztatu edota zilarreztatu egiten direlarik. Badira forma aldetik oso xumeak diren piezak ere; joera honek irauten du XX. mendean zehar.
|